Itun Zaharra

Itun Berria

Santiago 5:6-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Errugabea kondenatu eta hil duzue, eta inork ezin izan dizue aurre egin.

7. Beraz, senideok, izan pazientzia Jauna etorri arte. Begira nekazariari: lurraren fruitu ederraren zain egoten da eta pazientziaz itxaroten ditu sasoian sasoiko euriak.

8. Izan pazientzia zuek ere eta bete zaitezte adorez, laster etorriko baita Jauna.

9. Senideok, ez ibili bata bestearen aurka marmarka, kondenatuak izan ez zaitezten, ate-atean baita gure epailea.

10. Senideok, har itzazue Jaunaren izenean hitz egin zuten profetak sufrimendu- eta pazientzi eredutzat.

11. Zoriontsu aitortzen ditugu horrelako eroapena izan zutenak. Ezaguna duzue Joben eroapena, eta badakizue nolako azkena eman zion Jaunak; Jauna, izan ere, bihozbera eta errukiorra baita.

12. Baina batez ere, senideok, ez egin zinik, ez zeruarengatik, ez lurrarengatik, ezta beste edozergatik ere. Zuek esan «bai», bai denean, eta «ez», ez denean, Jainkoak kondena ez zaitzaten.

13. Zuetako norbait sufritzen dagoela? Egin dezala otoitz. Pozik dagoela? Kanta ditzala gorazarreak.

14. Zuetako norbait gaixo dagoela? Dei egin diezaiela eliz arduradunei, gaixoaren alde otoitz egin eta Jaunaren izenean olioz igurtz dezaten.

15. Fedez egindako otoitzak osasuna emango dio gaixoari eta jaikiaraziko du Jaunak, eta barkatu egingo dio, bekaturik egin badu.

16. Aitortu batak besteari zeuen bekatuak eta egin otoitz elkarren alde, senda zaitezten. Indar handia du zintzoaren otoitz sutsuak.

Irakurri kapitulu osoa Santiago 5