Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jesusek elbarria sendatu

1. Jesus txalupara igo, aintziraz beste aldera igaro eta bere herrira etorri zen.

2. Elbarri bat ekarri zioten, ohatilan etzana. Jesusek, lagun haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari:—Izan bihotz, seme! Barkatuak dituzu bekatuak.

3. Orduan, lege-maisu batzuek hau zioten berekiko: «Biraoka ari duk hau».

4. Haien gogoetak igarririk, Jesusek esan zien:-Zergatik dituzue gogoeta gaizto horiek zeuen baitan?

5. Zer da errazago: «Barkatuak dituzu bekatuak» esatea ala «Jaiki eta zabiltza» esatea?

6. Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.Eta esan zion elbarriari:—Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.

7. Hura jaiki eta etxera joan zen.

8. Hau ikustean, beldurrak jota gelditu zen jendea eta Jainkoa goresten zuen, gizakiei horrenbesteko ahalmena eman zielako.

Mateori deia. Jesus bekatariekin bazkaltzen

9. Jesusek, handik atera eta bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:—Jarraitu niri.Mateok zutitu eta jarraitu egin zion.

10. Geroago, Mateoren etxean zegoen Jesus mahaian; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin batera mahaian.

11. Fariseuek, hori ikustean, esan zieten ikasleei:—Nolatan jaten du zuen maisuak zergalari eta bekatariekin?

12. Jesusek entzun eta esan zien:—Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik.

13. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: Nahiagodut errukia sakrifizioak baino. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik.

Barauari buruz. Zaharra eta berria

14. Behin batean, Joan Bataiatzailearen ikasleek Jesusengana joan eta esan zioten:—Nolaz egiten dugu fariseuek eta guk hainbeste barau eta zure ikasleek ez?

15. Jesusek erantzun zien:—Ezteietara deituak egon ote daitezke goibel, senar berria berekin dutelarik? Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan egingo dute barau.

16. «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta zarratada handiagoa egingo bailuke.

17. Zahagi zaharretan ere ez da ardo berririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dute».

Odoljarioa zuen emakumea eta buruzagiaren alaba

18. Jesus honela ari zitzaiela, buruzagietako bat etorri zitzaion eta, ahuspezturik, esan zion: «Hil berria dut alaba; baina zatoz hari eskua ezartzera, eta biziko da».

19. Jaiki zen Jesus eta ondoren joan zitzaion bere ikasleekin.

20. Orduan, hamabi urte hartan odoljarioz zegoen emakume bat atzetik hurbildu zitzaion Jesusi eta soineko-ertza ukitu zion;

21. honela baitzioen berekiko: «Jantzia ukitzen badiot, besterik gabe sendatuko naiz».

22. Itzuli zen Jesus eta, emakumea ikustean, esan zion: «Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu». Eta une hartatik sendatua gelditu zen.

23. Buruzagiaren etxera heldu eta hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, Jesusek

24. esan zien: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten.

25. Jesusek, jendea kanpora bidali zutenean, sartu eta neskatxari eskutik heldu zion, eta neskatxa altxatu egin zen.

26. Eskualde guztian zabaldu zen gertatuaren berri.

Jesusek bi itsu sendatu

27. Jesus handik atera zenean, bi itsuk jarraitu zioten deiadarka: «Daviden Semea, erruki zakizkigu!»

28. Etxeratu zenean, itsuak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:—Sinesten al duzue hori egin dezakedana?—Bai, Jauna -erantzun zioten.

29. Orduan, begiak ukitu zizkien, esanez:—Gerta bekizue sinetsi duzuen bezala.

30. Eta begiak zabaldu zitzaizkien. Jesusek zorrotz agindu zien:—Kontuz gero! Ez dezala inork ere jakin!

31. Haiek, ordea, atera orduko, eskualde guztian zabaldu zuten Jesusen berri.

Jesusek deabrudun mutua sendatu

32. Itsuak atera orduko, deabruaren menpe zegoen mutu bat ekarri zioten Jesusi.

33. Jesusek deabrua bota egin zuen eta mutua hizketan hasi zen. Jendeak, harriturik, zioen: «Ez da Israelen egundaino horrelakorik ikusi!»

34. Fariseuek, berriz, zioten: «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu honek deabruak».

Ikasleak Jesusen egitekoaren jarraitzaile (9,35—10,42)

«Uzta ugaria da, baina langileak gutxi»

35. Jesus herri eta auzo guztietan barrena ibili zen, sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

36. Jendetza ikustean, errukitu egin zitzaien Jesus, nekatuak eta lur jota baitzeuden, artzain gabeko ardiak bezala.

37. Orduan, bere ikasleei esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi.

38. Erregutu, bada, uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara».