Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 7:2-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak, eta zuek zein neurriz neurtu, neurri beraz neurtuko zaituzte Jainkoak.

3. Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?

4. Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean haga duzula?

5. Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

6. «Ez eman txakurrei gauza sakratuak, zeuen kontra itzuli eta zatika ez zaitzateten; ez bota txerriei zuen harribitxiak, hankapean erabil ez ditzaten.

7. «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue.

8. Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.

9. «Zuetako norbaitek, semeak ogia eskaturik, harria emango ote dio?

10. Edo, arraina eskaturik, sugea emango ote dio?

11. Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez dizkie zeruko zuen Aitak gauza onak emango eskatzen dizkiotenei?

12. «Honela bada, besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horretan datza Liburu Santuek irakatsia.

13. «Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak.

14. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak.

15. «Kontuz sasiprofetekin! Ardi-larruz jantzirik badatozkizue ere, otso harrapari dira barrutik.

16. Beren egintzetatik antzemango diezue. Elorritik biltzen ote da mahatsik edo gardutik pikurik?

17. Zuhaitz onak fruitu ona ematen du, eta zuhaitz txarrak fruitu txarra.

18. Zuhaitz onak ezin du fruitu txarrik eman, ezta zuhaitz txarrak ere fruitu onik.

19. Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza moztu eta sutara botatzen da.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 7