Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 28:9-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agurtu egin zituen.Emakumeek, ondoraturik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten.

10. Jesusek esan zien: «Ez beldurtu! Zoazte eta esan nire senideei Galileara joateko; han ikusiko naute».

11. Emakumeak joan ondoren, guardiako batzuk hirira etorri ziren gertaturiko guztiaren berri apaizburuei ematera.

12. Apaizburuek, zaharrekin bildu eta soldaduei dirutza on bat emateko erabakia hartu zuten,

13. honela aginduz: «Esan ezazue, haren ikasleek gauez etorri eta zuek lo zeundetelarik gorpua eraman dutela.

14. Gobernariaren belarrietara ezer iristen bada, geu konponduko gara harekin eta arriskutik aterako zaituztegu».

15. Soldaduek dirua hartu eta esan bezala egin zuten. Eta halaxe zabaldu da juduen artean kontu hori gaur arte.

16. Hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira.

17. Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden.

18. Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: «Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan.

19. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz

20. eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Irakurri kapitulu osoa Mateo 28