Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 24:2-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Baina Jesusek esan zien: «Ikusten duzue hori guztia, ezta? Ba, benetan diotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute».

3. Gero, Oliamendin eserita zegoela, ikasleek bakarrean hurbildu eta galdetu zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria».

4. Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina!

5. Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.

6. Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dituzue. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina oraindik ez da azkena.

7. Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen.

8. Baina hori guztia erdiminen hasiera da.

9. «Zori larrian jarriko zaituztete eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango dizuete niregatik.

10. Orduan, askok fedeari uko egingo diote, eta elkar saldu eta gorrotatuko dute.

11. Anitz sasiprofeta altxatuko dira eta asko engainatuko dituzte.

12. Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da;

13. baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.

14. Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena.

15. «Daniel profetak aipatzen duen profanatzaile higuingarria toki santuan ezarria ikusiko duzuenean —irakurleak uler beza—,

16. orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara;

17. etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxeko gauzak hartzera,

18. eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila.

19. Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak!

Irakurri kapitulu osoa Mateo 24