Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 22:15-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Fariseuek elkar hartu zuten, Jesusi galdera bat eginez tranpa jartzeko.

16. Beraz, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera:—Maisu, badakigu egiazale zarena eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzuna; inoren zeresanak ez dizu axolarik, ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari.

17. Emaguzu, bada, zeure iritzia: zilegi al da Zesarri zerga ordaintzea, bai ala ez?

18. Haien maltzurkeria igarriz, Jesusek esan zien:—Zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok?

19. Ea, erakutsi zerga-txanpona.Haiek denario bat aurkeztu zioten.

20. Jesusek galdetu zien:—Norenak dira irudi eta izen hauek?

21. Erantzun zioten:—Zesarrenak.Jesusek, orduan:—Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.

22. Harriturik gelditu ziren erantzun honekin, eta Jesus bertan utzi eta alde egin zuten.

23. Egun berean, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi. Hauek ez dute sinesten hildakoak pizten direnik. Eta honela galdegin zioten:

24. —Maisu, Moisesek esan zigun: Gizonbat seme-alabarik gabe hiltzen bada, haren anaia alarguntsarekin ezkonduko da, anaiari ondorengoa emateko.

25. Behin batean, baziren gure artean zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen eta anaiari utzi zion emaztea.

26. Beste horrenbeste gertatu zitzaien bigarrenari eta hirugarrenari, eta zazpiei gauza bera.

27. Azkenik, hil zen emakumea ere.

28. Piztuerakoan, zazpietako zeinen emazte izango da, denena izana baitzen?

29. Jesusek erantzun zien:—Oker zabiltzate. Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ez dituzue ezagutzen.

30. Izan ere, piztuerakoan ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 22