Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 22:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien:

2. «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen erregearekin bezala gertatzen da.

3. Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan.

4. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte ezteietara”.

5. Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan zen, bestea bere negozioetara,

6. eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten.

7. Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari.

8. Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai.

9. Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”.

10. Atera ziren morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.

11. Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen,

12. eta esan zion: “Adiskidea, nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez.

13. Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.

14. Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino».

15. Fariseuek elkar hartu zuten, Jesusi galdera bat eginez tranpa jartzeko.

16. Beraz, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera:—Maisu, badakigu egiazale zarena eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzuna; inoren zeresanak ez dizu axolarik, ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 22