Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 21:2-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; berehala, asteme bat aurkituko duzue lotuta, eta astakume bat harekin; askatu eta ekarri niri.

3. Eta inork ezer esaten badizue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina berehala itzuliko ditu”».

4. Hori Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:

5. Esan Sion hiri ederrari: Hara, badatorkizu zeure erregea, apal eta astotxo baten gainean, astakume baten gainean.

6. Joan ziren, bada, ikasleak eta Jesusek agindu bezala egin zuten.

7. Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen.

8. Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten.

9. Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka: «Hosanna Daviden Semeari! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Gora Jainko gorena !»

10. Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen:—Nor dugu hau?

11. Jendeak erantzuten zuen:—Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.

12. Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan salerosketan ari ziren guztiak kanpora bota zituen eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli.

13. Eta esan zien: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

14. Tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu zitzaizkion, eta sendatu egin zituen.

15. Baina apaizburuak eta lege-maisuak haserre bizian zeuden, Jesusek egiten zituen gauza harrigarriengatik eta haurrak tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ari zirelako.

16. Eta esan zioten:—Ez al duzu entzuten zer dioten horiek?Jesusek erantzun zien:—Bai. Eta zuek ez al duzue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena?

17. Eta haiek bertan utzi eta hiritik kanpora atera zen, Betaniara, eta han eman zuen gaua.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 21