Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Fariseu eta saduzearrak mirarizko seinale eske

1. Fariseu eta saduzearrek Jesusengana etorri eta Jainkoarengandiko seinale bat erakusteko eskatu zioten azpikeriaz, bera nola harrapatuko.

2. Baina Jesusek erantzun zien: «Ilunabarrean, esan ohi duzue: “Arrats gorri, bihar eguzki”;

3. eta goizean: “Goiz gorri, arrats euri”. Badakizue zeruaren itxurari igartzen, eta ez zarete gauza garai hauen seinaleei igartzeko .

4. Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau, baina ez zaio emango seinalerik, Jonas profetarena besterik».Eta, haiek bertan utzirik, alde egin zuen.

Fariseuen eta saduzearren legamia

5. Itsasoaz beste aldera igarotzean, ogia hartzea ahaztu zitzaiela konturatu ziren ikasleak.

6. Jesusek esan zien: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta saduzearren legamiarekin!»

7. Haiek, berriz, honela zioten beren artean: «Ogirik hartu ez dugulako ari zaiguk».

8. Konturatu zen Jesus eta esan zien: «Zer ari zarete zeuen artean ogirik ez daukazuela eta, sinesmen gutxikook?

9. Ez al duzue oraindik ulertzen? Ez al duzue gogoan bost mila gizonen artean banatutako bost ogiena, eta zenbat saski bete zenituzten?

10. Eta lau mila gizonen artean banatutako zazpi ogiena, eta zenbat otarre bete zenituzten?

11. Nola ez duzue ulertzen ez natzaizuela ogiei buruz ari? Kontuz fariseuen eta saduzearren legamiarekin!»

12. Orduan jabetu ziren ez ziela esan ogi-legamiarekin kontuz ibiltzeko, fariseu eta saduzearren irakaspenekin baizik.

Pedrok Jesus Mesiastzat aitortu

13. Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:—Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?

14. Haiek erantzun:—Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.

15. Jesusek galdetu zien:—Eta zuek, nor naizela diozue?

16. Simon Pedrok erantzun:—Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.

17. Orduan, Jesusek esan zion:—Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik.

18. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.

19. Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

20. Orduan, bera Mesias zela inori ez esateko agindu zien Jesusek ikasleei.

JESUSEN EGITEKOA. KRISI MESIANIKOA (16,21—25,46)

Nekaldiaren iragarpenak eta ikasleentzat irakaspenak (16,21—18,35)

Jesusek bere nekaldi-piztuerak lehenengoz iragarri

21. Une hartatik hasi zen Jesus bere ikasleei azaltzen, berak Jerusalemera igo eta zahar, apaizburu eta lege-maisuen aldetik asko sufritu behar zuela; hil egingo zutela eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.

22. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion:—Ez dezala Jainkoak nahi, Jauna! Ez zaizu horrelakorik gertatuko.

23. Baina Jesusek, itzulirik, esan zion Pedrori:—Alde nire ondotik, Satanas! Oztopo haiz niretzat, hire asmoak ez baitituk Jainkoarenak, gizakiarenak baizik.

Jesusi jarraitzea

24. Orduan, esan zien Jesusek bere ikasleei: «Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat.

25. Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.

26. Zertarako du gizakiak mundu guztia irabaztea, bere bizia galtzen badu? Eta zer eman dezake gizakiak berriro bizia bereganatzeko?

27. Izan ere, Gizonaren Semea bere Aitaren aintzaz beterik etorriko da aingeruekin; eta, orduan, bakoitzari bere jokabidearen arabera ordainduko dio.

28. Benetan diotsuet: Hemen daudenetako batzuk ez dira hilko, harik eta Gizonaren Semea errege bezala etortzen ikusi arte».