Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 12:32-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

32. «Norbaitek Gizonaren Semearen kontra zerbait esaten badu, barkatuko dio Jainkoak; baina Espiritu Santuaren kontra hitz egiten duenak ez du barkamenik izango, ez mundu honetan eta ez datorrenean.

33. «Emazue zuhaitza ona dela: fruitua ere ona izango da. Edota zuhaitza txarra dela: fruitua ere txarra izango da. Zuhaitza fruitutik ezagutzen da.

34. Sugekumeok! Nola esan zenezakete gauza onik, zeuek gaiztoak izanik? Ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu.

35. Ona denak, bere ontasun-altxorretik, ona ateratzen du; eta gaiztoak, bere gaiztakeri altxorretik, gaitza.

36. «Hona nik esan: Bakoitzak esan dituen alferreko hitz guztien kontu eman beharko du auzi-egunean.

37. Zeren zeuen hitzen arabera zuzenetsiko baitzaituzte Jainkoak, eta zeuen hitzen arabera gaitzetsiko».

38. Lege-maisu eta fariseu batzuk honela hasi zitzaizkion Jesusi: «Maisu, zuk egindako mirarizko seinaleren bat ikusi nahi genuke».

39. Jesusek erantzun zien: «Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena besterik.

40. Zeren, Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin zituen bezala, hala egingo ditu Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan.

41. Ninivetarrek auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuz, eta baduzue hemen Jonas baino handiago den bat.

42. Hegoaldeko erreginak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiago den bat.

43. «Espiritu gaiztoa, norbaitengandik irten ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina, aurkitzen ez duelarik,

44. bere buruari esaten dio: “Noan berriro atera nintzeneko neure etxera”. Iristean, etxea hutsik, garbitua eta apaindua aurkitzen du.

45. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu berekin, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen; horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da. Gauza bera gertatuko zaio gizaldi gaizto honi ere».

Irakurri kapitulu osoa Mateo 12