Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 12:15-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Horretaz jabeturik, handik aldendu egin zen Jesus. Jende askok jarraitu zion, eta hark denak sendatu zituen,

16. bera nor zen inori ez esateko aginduz.

17. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

18. Hona hemen nire zerbitzaria, nik hautatua, nire maitea, atsegin dudana. Beronen gain ezarriko dut neure espiritua: nazioei justizia iragarriko die.

19. Ez du haserrerik sortuko, ez du oihu egingo, ez da kaleetan haren mintzoa entzungo.

20. Kanabera printzatua ez du hautsiko, ahulduriko argi-metxa ez du itzaliko, justizia nagusi ezar dezan arte.

21. Bera izango dute itxaropen nazioek.

22. Deabruaren menpe zegoen gizon bat eraman zioten Jesusi, itsua eta mutua. Hark sendatu egin zuen eta gizona hitz egiten eta ikusten hasi zen.

23. Jende guztiak, harriturik, zioen: «Ea Daviden Semea dugun hau!»

24. Fariseuek, ordea, hori entzutean, esan zuten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak».

25. Igarri zizkien Jesusek beren gogoetak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua errauts bihurtuko da. Bere baitan zatiturik dagoen herri edo familiak ez du iraungo.

26. Beraz, Satanasek Satanas botatzen badu, zatiturik dago eta bere buruaren aurka ari da; nola iraun dezake haren erreinuak?

27. Eta nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile.

28. Deabruak Jainkoaren Espirituaren indarrez botatzen baditut, ordea, argi dago Jainkoa zuen artean errege izaten hasia dela.

29. «Izan ere, nola sar daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara, aldez aurretik hura lotzen ez badu? Orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.

30. «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.

31. «Horregatik diotsuet: Bekatu eta birao oro barkatuko dio Jainkoak gizakiari, baina Espiritu Santuaren kontrako biraorik ez dio barkatuko.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 12