Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 12:1-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Ikasleak goseak zeuden, eta galburuak hartu eta jaten hasi ziren.

2. Hori ikustean, fariseuek esan zioten Jesusi:—Begira, larunbatez zilegi ez dena egiten ari dira zure ikasleak.

3. Hark erantzun:—Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean?

4. Nola Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituzten, legez ez berak eta ez bere lagunek, baizik eta apaizek bakarrik jan zitzaketenak?

5. Eta ez al duzue Liburu Santuetan irakurri apaizek tenpluan larunbatero atseden-legea hausten dutela, horregatik errudun izan gabe?

6. Ba, nik diotsuet: Bada hemen tenplua baino gehiago den bat.

7. Ulertu bazenute zer esan nahi duen Jainkoak esandako honek: Nahiago dut errukia sakrifizioak baino, ez zenituzketen errugabeok gaitzetsiko.

8. Zeren larunbataren nagusi baita Gizonaren Semea.

9. Handik alde egin eta sinagogara joan zen Jesus.

10. Bazen han besoa elbarri zeukan gizon bat. Fariseuek, zertan salatuko, galdetu zioten:—Zilegi al da larunbatez inor sendatzea?

11. Jesusek erantzun zien:—Zuetako zeinek, ardi bakarra eduki eta larunbatez zulora erortzen bazaio, ez du hartu eta aterako?

12. Eta zenbatez ez da gehiago gizakia ardia baino! Legezko da, beraz, larunbatez on egitea.

13. Orduan, gizonari esan zion:—Luzatu beso hori.Hark luzatu, eta sendaturik gelditu zitzaion, bestea bezain ongi.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 12