Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 11:4-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Jesusek erantzun zien:—Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena:

5. itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie.

6. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!

7. Haiek alde egitean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?

8. Zer ikustera irten zineten bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi apainekoak errege-jauregietan bizi ohi dira.

9. Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa.

10. Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea.

11. Benetan diotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiagoa da.

12. «Joan Bataiatzailea agertu zenetik gaurdaino Jainkoaren erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dutenek eskuratzen dute.

13. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien epea Joan Bataiatzailearekin bukatzen da.

14. Joan hau duzue, nahi baduzue onartu, etortzekoa zen Elias.

15. Ulertzeko gauza denak uler beza.

16. «Norekin konparatuko dut oraingo gizaldi hau? Plazan eseriak dauden mutikoen antzekoa da, honela ari baitzaizkio elkarri:

17. “Txistua jo dizuegu eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek aienerik ez”.

18. Etorri zen Joan, ez jan eta ez edan egiten ez zuela, eta burutik egina dagoela diote.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 11