Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 10:17-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. «Kontuz jendearekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo;

18. agintari eta erregeen aurrera eramango zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien eta jentilen aurrean.

19. Eramango zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan;

20. ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez.

21. «Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.

22. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.

23. Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko.

24. «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago.

25. Aski du ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxejaunari Beeltzebul esan badiote, zer ez ote esango haren etxekoei?

26. «Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik.

27. Gau-ilunez esaten dizuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten duzuena, hots egin etxe-gainetatik.

28. Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan honda dezakeenari.

29. «Ez ote dira bi txori sos batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe.

30. Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak.

31. Ez izan, bada, beldur: zuek txori guztiek baino gehiago balio duzue.

32. «Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut nik ere Aita zerukoaren aurrean;

33. baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut nik ere zeruko Aitaren aurrean.

34. «Ez pentsa munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baina banaketa ekartzera etorria naiz.

35. Bai, semea aitarengandik, alaba amarengandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera etorri naiz.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 10