Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 8:12-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango».

13. Eta, haiek bertan utzirik, txalupara igo zen eta beste aldera abiatu.

14. Ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten ontzian.

15. Jesusek oharpen hau egin zien: «Begira gero! Ibili kontuz fariseuen eta Herodesen legamiarekin!»

16. Haiek, berriz, elkarren artean honela ari ziren: «Ogirik ez dugulako ari zaiguk».

17. Konturatu zen Jesus eta esan zien:—Zer ari zarete ogirik ez daukazuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete?

18. Begiak eduki, eta ez duzue ikusten? Belarriak eduki, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan,

19. bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenituzten hondarrekin?—Hamabi —erantzun zioten.

20. — Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenituzten hondarrekin?Haiek erantzun:—Zazpi.

21. Orduan, esan zien:—Eta oraindik ez duzue ulertzen?

22. Betsaidara iritsi zirenean, itsu bat ekarri zioten Jesusi, ukitzeko erreguka.

23. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eraman zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri zizkion eta galdetu:—Ikusten al duzu ezer?

24. Hark begiratu zuen, eta erantzun:—Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza.

25. Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan, eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela.

26. Etxera bidali zuen Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.

27. Gero, Feliperen Zesarea inguruko auzoetarantz abiatu zen Jesus bere ikasleekin. Bidean galdera hau egin zien:—Ni nor naizela dio jendeak?

28. Haiek erantzun zioten:—Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek profetaren bat.

29. Jesusek berriro galdetu zien:—Eta zuek, nor naizela diozue?Pedrok erantzun:—Zu Mesias zara.

30. Eta Jesusek inori ere ez esateko agindu zien zorrotz.

31. Orduan, irakasten hasi zitzaien, Gizonaren Semeak asko sufritu behar zuela; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo zutela eta hil; eta hiru egunen buruan piztu egingo zela.

32. Argi eta garbi mintzatzen zitzaien honetaz. Pedro, Jesus aparte harturik, gogor egiten hasi zitzaion.

Irakurri kapitulu osoa Markos 8