Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 6:16-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Iritzi hauek entzutean, honela zioen Herodesek: «Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da».

17. Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodias Herodesen anaia Feliperen emaztea zen, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zeukan.

18. Eta Joanek hau esaten zion Herodesi: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea».

19. Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen; baina ezin,

20. Herodesek begirune baitzion; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek buruhausterik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion.

21. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzekoan, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei.

22. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta honen mahaikideei. Orduan, erregeak neskatxari esan zion:—Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut.

23. Eta zin ere eginez agindu zion:—Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere.

24. Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion:—Zer eskatuko diot?Amak erantzun:—Joan Bataiatzailearen burua.

25. Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean».

26. Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinarengatik, ez zion ukatu nahi izan.

27. Bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion,

28. eta azpil batean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari.

29. Joanen ikasleek, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ezarri zuten.

30. Apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten.

31. Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku gorde batera, eta hartu atseden pixka bat».Asko baitziren joan-etorri zebiltzanak, eta ez zuten jateko astirik ere.

32. Orduan, bazter batera joan ziren, beraiek bakarrik, txalupaz.

33. Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, haiei aurrea hartuz.

34. Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek. Errukitu egin zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta irakasten hasi zitzaien luze eta zabal.

35. Berandutu zuelarik, ikasleek hurbildu eta esan zioten:—Toki hau oso urruti dago eta berandu da.

36. Bidal itzazu, inguruko baserri eta auzoetara joan eta jatekoa eros dezaten.

Irakurri kapitulu osoa Markos 6