Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 5 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jesusek Gerasako deabruduna sendatu

1. Aintziraz beste aldera iritsi ziren, gerasatarren lurraldera.

2. Ontzitik jaitsi orduko, espiritu gaiztoen menpe zegoen gizon bat atera zitzaion Jesusi hilobi artetik bidera.

3. Hilobietan bizi zen, eta ezin zuen inork lotuta eduki, ezta katez ere.

4. Hain zuzen, behin eta berriz lotua zuten girgiluz eta katez, baina hark beti kateak eten eta girgiluak puskatu egiten zituen, eta ez zen inor ere hura menderatzeko gauza.

5. Gau eta egun hilobi artean eta mendirik mendi ibili ohi zen etengabe, marrumaka eta bere burua harriz joka.

6. Jesus urrundik ikustean, lasterka joan eta aurrean ahuspeztu zitzaion.

7. Eta deiadarka esan zion:—Zer duzu nirekin, Jesus, goi-goiko Jainkoaren Seme horrek? Jainkoarren, ez nazazu oinazetu!

8. Izan ere, Jesusek agindu hau emana baitzion: «Irten gizon horrengandik, espiritu gaizto hori!»

9. Orduan, galdetu zion:—Nola duk izena?Hark erantzun:—Taldea, asko gara eta.

10. Eta otoi eta otoi eskatzen zion ez zitzala lurralde hartatik kanpora bidal.

11. Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean.

12. Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi:—Bidal gaitzazu txerrietara, beraietan sar gaitezen.

13. Hark baimena eman zien. Espiritu gaiztoak gizonarengandik atera eta txerrietan sartu ziren; eta txerri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zen; bi milaren bat txerri ito ziren.

14. Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten auzoetan eta herrian. Eta zer gertatu ote zen ikustera joan zen jendea.

15. Jesusen ondora iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren.

16. Ikusi zutenek deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten.

17. Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi.

18. Ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko,

19. baina ez zion utzi; zera esan zion, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia».

20. Joan zen, bada, eta Dekapolisko lurraldean hots egiten hasi zen Jesusek egin zion guztia. Denak harriturik gelditzen ziren.

Odoljarioa zuen emakumea eta Jairoren alaba

21. Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela,

22. sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik,

23. otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».

24. Harekin abiatu zen Jesus.Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka.

25. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena.

26. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan.

27. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion.

28. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz».

29. Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.

30. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:—Nork ukitu dit jantzia?

31. Bere ikasleek erantzun zioten:—Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?

32. Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori.

33. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar —ondo baitzekien zer gertatu zitzaion—, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion.

34. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

35. Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?»

36. Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».

37. Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik.

38. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika.

39. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».

40. Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek guztiak kanpora bidali zituen eta, neskaren aita-amak eta berarekin etorriak harturik, neska zegoen tokira sartu zen.

41. Eskutik heldu eta esan zion: «Talitha kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut: Jaiki zaitez»).

42. Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen.

43. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.