Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 4:12-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Zeren eta, Liburu Santuak dioen bezala, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunarengana bihurtzen eta ez zaie barkatzen .

13. Jesusek esan zien: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nola ulertuko dituzue, bada, beste parabola guztiak?

14. Ereileak mezua du ereiten.

15. Mezua ereiterakoan, batzuk “bide-bazterra” bezala dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den mezua kendu egiten du.

16. Beste batzuk “harri-artea” bezala dira: mezua entzutean, berehala pozik onartzen dute;

17. baina sustrairik gabeak eta iraupen gutxikoak izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten dira.

18. Beste batzuk, berriz, “sasi-artea” bezala dira: entzuten dute mezua,

19. baina bizitza honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta mezua ito egiten diete, fruiturik gabe utziz.

20. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: mezua entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar edo hirurogei edo ehun».

21. Beste hau ere esan zien: «Ontzipean edo ohepean jartzeko pizten ote da gero kriseilua? Ez ote argimutilaren gainean jartzeko?

22. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere argitaratuko ez denik.

23. Inork ulertu ahal badu, uler beza».

24. Esan zien ere: «Kontu izan nola entzuten duzuen! Zuek zein neurritan entzun, neurri berean emango dizue Jainkoak, eta gehiago ere bai.

25. Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo».

26. Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da:

27. hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela.

28. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean.

Irakurri kapitulu osoa Markos 4