Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 2:12-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».

13. Jesus berriro aintzira aldera atera zen. Jende guztia berarengana zetorren eta irakasten hasi zitzaien.

14. Bidez zihoala, Lebi Alfeorena ikusi zuen zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:—Jarraitu niri.Lebik zutitu eta jarraitu egin zion.

15. Geroago, Lebiren etxean zegoen Jesus mahaian; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren.

16. Fariseu lege-maisu batzuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikusirik, esan zieten ikasleei:—Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?

17. Jesusek entzun eta esan zien:—Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik.

18. Behin batean, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten:—Nola egiten dugu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?

19. Jesusek erantzun zien:—Ezteietara deituek egin ote dezakete barau senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baraurik egin.

20. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.

21. «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo luke.

22. Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berriarentzat zahagi berriak!»

23. Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleak, bidenabar, galburuak hartzen hasi ziren.

24. Fariseuek esan zioten Jesusi:—Nola ari dira egiten, larunbatez zilegi ez dena?

25. Hark erantzun:—Ez al duzue inoiz irakurri zer egin zuen Davidek beharraldi batean, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean?

26. Nola, Abiatar apaiz nagusi zela, Jainkoaren etxean sartu eta Jaunari eskainiriko ogiak jan zituen, legez apaizek bakarrik jan zitzaketenak, eta nola berarekin zeudenei ere eman zien?

Irakurri kapitulu osoa Markos 2