2. Jesusek esan zion:—Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute.
3. Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre eserita zegoela, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu zioten:
4. —Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zertan ezagutuko den hori dena burutzera doala.
5. Honela mintzatu zitzaien, orduan, Jesus: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina.
6. Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.
7. Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: gertatu beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena.
8. Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.
9. «Kontu izan zeuen buruarekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien aurrean.
10. Zeren eta, azkena baino lehen, herri guztiei hots egina izan behar baitu berri onak.