Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 13:11-31 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. «Auzitegira zaramatzatela, ez egon zer esango duzuen kezkatan; une hartan bertan Jainkoak adieraziko dizuena, esan huraxe, ez baitzarete zuek mintzatuko, Espiritu Santua baizik.

12. Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.

13. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.

14. «Profanatzaile higuingarria behar ez den tokian ezarria ikusiko duzuenean —irakurleak uler beza—, orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara;

15. etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxetik ezer hartzera,

16. eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila.

17. Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak!

18. Eskatu Jainkoari, hori guztia neguan gerta ez dadin.

19. Zeren egun haiek egun larriak izango baitira; ez da horrelako larrialdirik izan Jainkoak sortu zuen mundu honen hasieratik orain arte, ezta izango ere.

20. Eta Jaunak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, berak hautatu dituen aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.

21. «Orduan, norbaitek “Hona hemen Mesias! Hara han!” esango balizue, ez sinetsi.

22. Izan ere, gezurrezko mesiasak eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirariak eta egintza harrigarriak egingo dituzte.

23. Zuek, beraz, kontu izan! Jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik.

24. «Egun haietan, larrialdi horren ondoren, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo,

25. izarrak zeru goitik amiltzen hasiko dira eta ortzia dardarka ariko.

26. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.

27. Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.

28. «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela.

29. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela.

30. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.

31. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

Irakurri kapitulu osoa Markos 13