Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 13:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jesus tenplutik ateratzean, bere ikasleetako batek esan zion:—Maisu, begira nolako harriak eta nolako eraikinak!

2. Jesusek esan zion:—Harri-lan ikusgarriak benetan! Baina horra, ez da harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute.

3. Gero, Oliamendin, tenpluaren aurrez aurre eserita zegoela, Pedro, Santiago, Joan eta Andresek bakarrean galdetu zioten:

4. —Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zertan ezagutuko den hori dena burutzera doala.

5. Honela mintzatu zitzaien, orduan, Jesus: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina.

6. Asko etorriko dira, nire izena bereganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute.

7. Gerra-hots eta zurrumurruak entzutean, ez izutu: gertatu beharrekoa da hori guztia; baina oraindik ez da azkena.

8. Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; han eta hemen lurrikarak eta goseteak izango dira. Hori guztia erdiminen hasiera da.

9. «Kontu izan zeuen buruarekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo; agintari eta erregeen aurrean jarriko zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien aurrean.

10. Zeren eta, azkena baino lehen, herri guztiei hots egina izan behar baitu berri onak.

Irakurri kapitulu osoa Markos 13