Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

JERUSALEMEN: JESUS MESIAS UKATUA (11,1—13,37)

Jesus, fruiturik gabeko herriaren epaile (11,1—12,12)

Jesus Jerusalemen Mesias bezala sartu

1. Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage eta Betania herrixketara iritsirik, bere ikasleetako bi bidali zituen Jesusek,

2. esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; sartu orduko, astakume bat aurkituko duzue lotuta, gainean inor jarri ez zaiona; askatu eta ekarri.

3. Norbaitek zer ari zareten galdetuko balizue, erantzun: “Jaunak behar du, baina berehala itzuliko du” ».

4. Joan ziren, bada, eta han aurkitu zuten astakumea ate ondo batean kanpotik lotuta, eta askatzen hasi ziren.

5. Bertan zeudenetariko batzuek esan zieten: «Zer ari zarete hor astakumea askatzen?»

6. Jesusek esandakoa erantzun zieten, eta haiek astakumea utzi.

7. Jesusi eramanik, beren jantziak astakumeari bizkarrean ezarri zizkioten, eta Jesus gainean eseri zen.

8. Askok jantziak zabaltzen zituzten bidean; beste batzuek, berriz, bazterretan bildutako adar-hostoak.

9. Aurretik eta atzetik zihoazenek honela zioten oihuka: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!

10. Bedeinkatua datorren erreinua, gure aita Daviden erreinua. Gora Jainko gorena!»

11. Jerusalemen, Jesus tenplura joan zen. Eta inguru guztiak ikusi ondoren, ordurako berandu baitzen, Betaniarantz atera zen Hamabiekin.

Jesusek pikondo agorra madarikatu

12. Biharamunean, Betaniatik irten zirenean, Jesus gosetu egin zen.

13. Hostotan zegoen pikondo bat urrutitik ikusirik, bertara joan zen, ea pikurik aurkitzen zuen; baina ondora iristean, ez zuen hostoa besterik aurkitu, ez baitzen piku-sasoia.

14. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez dezala gehiago inork hiregandik fruiturik jan!»Bere ikasleek ere entzun zioten.

Tenplua herri guztientzat otoitz-etxe

15. Heldu ziren Jerusalemera. Tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen Jesus eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli egin zituen.

16. Eta ez zion inori uzten tenpluan barrena ezer eramaten.

17. Gero, irakasten hasi zitzaien, esanez: «Ez al dio Liburu Santuak: Nire etxea otoitz-etxe izango da herri guztientzat? Zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».

18. Apaizburuak eta lege-maisuak, hori jakin zutenean, Jesus nola hilko hasi ziren; baina beldur zioten, jende guztia haren irakatsiaz harriturik baitzegoen.

19. Iluntzean, hiritik atera ziren Jesus eta ikasleak.

Pikondoa ihartua: fedea eta otoitza

20. Hurrengo goizean goiz, handik igarotzean, pikondoa sustraietaraino ihartua ikusi zuten.

21. Oroitu zen Pedro, eta Jesusi esan zion:—Maisu, begira, zuk madarikatutako pikondoa dena ihartu da.

22. Jesusek erantzun:—Izan sinesmen Jainkoarengan!

23. Benetan diotsuet: Norbaitek esaten badio mendi honi: «Ken hadi hortik eta amildu itsasora», eta mendiari agindu diona gertatuko dela zalantzarik gabe sinesten badu, halaxe gertatuko zaio.

24. Horregatik diotsuet: Otoitzean eskatzen duzuen edozer gauza, sinetsi lortu duzuela, eta emango dizue Jainkoak.

25. Eta otoitzean ari zaretela, barkatu inoren kontra ezer baduzue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak barka diezazkizuen. (

26. ).

Nondik Jesusen aginpidea?

27. Jerusalemera iritsi ziren. Jesus tenpluan zebilela, apaizburuak, lege-maisuak eta zaharrak hurbildu zitzaizkion,

28. galdezka:—Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Nork eman dizu horretarako aginpidea?

29. Jesusek erantzun zien:—Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzun zuek, eta nik ere esango dizuet zein aginpidez jokatzen dudan horrela.

30. Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bataiatzen zuen? Esan!

31. Haiek honela zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu.

32. Baina, nola esan giza aginduz ari zela?» Honetarako, jendearen beldur ziren, guztiek profetatzat baitzeukaten Joan.

33. Beraz, erantzun zioten:—Ez dakigu.Jesusek, orduan:—Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.