Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 10:2-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ote zuen galdetu zioten.

3. Hark erantzun zien:— Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?

4. Eta haiek:—Moisesek, dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.

5. Jesusek esan zien:—Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako eman zizuen lege hori Moisesek.

6. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen;

7. horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio,

8. eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino.

9. Horrela bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.

10. Gero, etxean, arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek.

11. Jesusek esan zien:—Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka;

12. eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean.

13. Beste batean, haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, berriz, haserre egiten zieten.

14. Hori ikustean, Jesus haserretu egin zen eta esan zien: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege.

15. Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

16. Eta haurtxoak magalean hartu eta bedeinkatu egiten zituen, eskuak ezarriz.

17. Bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion:—Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?

Irakurri kapitulu osoa Markos 10