Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 10:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jesus, handik irtenik, Judeako mugetan sartu zen, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz. Berriro jende-multzo handiak bildu zitzaizkion ondora eta bera, ohi zuen bezala, irakasten hasi zitzaien.

2. Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea zilegi ote zuen galdetu zioten.

3. Hark erantzun zien:— Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?

4. Eta haiek:—Moisesek, dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.

5. Jesusek esan zien:—Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako eman zizuen lege hori Moisesek.

6. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen;

7. horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio,

8. eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino.

9. Horrela bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.

10. Gero, etxean, arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek.

11. Jesusek esan zien:—Bere emaztea utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka;

12. eta bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era berean.

Irakurri kapitulu osoa Markos 10