Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 1:34-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

34. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.

35. Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen.

36. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren;

37. aurkitzean, esan zioten:—Jende guztia zure bila dabil.

38. Hark, ordea, erantzun:—Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.

39. Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.

40. Legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion:—Nahi baduzu, garbi nazakezu.

41. Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:—Nahi dut, izan zaitez garbi.

42. Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

43. Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:

44. —Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.

45. Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.

Irakurri kapitulu osoa Markos 1