Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 1:11-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

11. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

12. Berehala, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus.

13. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

14. Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.

15. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

16. Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren.

17. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

18. Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

19. Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian.

20. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

21. Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.

22. Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.

23. Bazen, hain zuzen, sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihuka ekin zion:

24. —Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

25. Jesusek gogor eraso zion:—Isil hadi eta irten horrengandik!

26. Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra eman zion eta, garrasi handia eginez, atera egin zen harengandik.

27. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»

28. Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

Irakurri kapitulu osoa Markos 1