Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 8:9-27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Orduan, parabola horrek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi.

10. Honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; gainerakoei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez.

11. «Hona hemen, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren mezua da.

12. Bide-bazterreko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta beren bihotzetik mezua kendu egiten die, sinetsi eta salba ez daitezen.

13. Harri gaineko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian huts egiten.

14. Sasi arteko hazia bezalakoak, berriz, hauek: mezua entzuten dutenak, baina bizitzako ardura, diru eta atsegin artean itota gelditzen dira eta fruitu ematera iristen ez.

15. Lur oneko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitu ematen dutenak.

16. «Inork ez du kriseilua piztu eta ontzipean gordetzen edo ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten.

17. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik.

18. Kontu izan, bada, nola entzuten duzuen; izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».

19. Joan zitzaizkion Jesusi bere ama eta anai-arrebak, baina jendearen jendez ezin iritsi ziren berarenganaino.

20. Eta jakinarazi zioten:—Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian.

21. Jesusek, berriz, erantzun zien:—Hauek ditut nik ama eta anai-arreba: Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak.

22. Egun batez, Jesus ontzi batera igo zen bere ikasleekin eta esan zien: «Goazen aintziraz beste aldera». Eta ontziz atera ziren.

23. Zihoazela, loak hartu zuen Jesus. Aintziran haize-bolada sortu zelarik, ontzia urez betetzen ari zitzaien eta arriskuan zeuden.

24. Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, esnarazi egin zuten, esanez:—Maisu, Maisu! Galzorian gaude!Hark, esnaturik, haserre egin zien haizeari eta olatuei; hauek oneratu eta dena bare gelditu zen.

25. Orduan, esan zien ikasleei:—Non da zuen sinesmena?Haiek, beldurrez eta harriturik, elkarri ziotsaten: «Nor ote dugu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten baitiote?»

26. Gerasatarren lurraldera, Galileaz beste aldeko aintzira-bazterrera, iritsi ziren.

27. Jesus lehorrera jaitsi orduko, herriko gizon bat, deabruduna, atera zitzaion bidera; aspalditik jantzi gabe zebilen, eta ez zen etxean bizi, hilobietan baizik.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 8