Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 8:37-54 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Orduan, Gerasa inguru hartako jende guztiak beren artetik alde egiteko eskatu zion Jesusi, beldurrak jota baitzeuden. Jesus ontziratu eta itzuli egin zen.

38. Deabruak atera zitzaizkion gizonak berarekin ibiltzen uzteko eskatu zion; baina Jesusek bidali egin zuen, esanez:

39. «Itzul zaitez etxera, eta konta ezazu Jainkoak egin dizun guztia».Eta han joan zen, Jesusek egin ziona herri guztian zabalduz.

40. Jesus itzuli zenean, jendeak ongietorria egin zion, denak haren zain baitzeuden.

41. Hartan, Jairo zeritzan gizon bat etorri zitzaion, sinagogako buruzagia. Eta Jesusen oinetan ahuspezturik, arren eta arren bere etxera etortzeko eskatzen zion,

42. bere alaba bakarra, hamabiren bat urtekoa, hilzorian zeukala eta.Bidean, jendeak ito beharrean estutzen zuen.

43. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena. Bere diru guztiak medikutan gastatuak zituen, baina ezin izan zuen inork sendatu.

44. Atzetik hurbildu eta soineko-ertza ukitu zion Jesusi; eta bat-batean odoljarioa gelditu egin zitzaion.

45. Jesusek galdetu zuen:—Nork ukitu nau?Denek ezetz ziotela, Pedrok esan zion:—Maisu, ez zaitu, bada, jende guztiak lehertu beharrean estutzen?

46. Baina Jesusek esan zuen:—Norbaitek ukitu nau, niregandik indar bat atera dela sumatu baitut.

47. Orduan, emakumeak, bere burua ezin zuela gorde ikusiz, beldurrez dar-dar Jesusen oinetara erori eta jende guztiaren aurrean agertu zuen zergatik ukitu zuen eta nola bat-batean sendatua gertatu zen.

48. Jesusek esan zion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean».

49. Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik morroi bat etorri zen esatera: «Hil zaizu alaba; ez eman gehiago nekerik Maisuari».

50. Baina Jesusek, hori entzunik, esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi, eta salbatuko da».

51. Etxera iritsi zirenean, ez zion inori ere utzi berarekin sartzen, Pedro, Joan eta Santiagori eta neskatilaren gurasoei izan ezik.

52. Denak negarrez eta aieneka ari ziren neskarengatik. Jesusek esan zien: «Ez egin negarrik; ez dago hilda, lo dago».

53. Haiek barre egiten zioten, bai baitzekiten hilda zegoela.

54. Baina Jesusek eskutik heldu eta hots egin zion: «Neskatila, jaiki zaitez».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 8