Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 8:24-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. Ikasleek, Jesusengana hurbildurik, esnarazi egin zuten, esanez:—Maisu, Maisu! Galzorian gaude!Hark, esnaturik, haserre egin zien haizeari eta olatuei; hauek oneratu eta dena bare gelditu zen.

25. Orduan, esan zien ikasleei:—Non da zuen sinesmena?Haiek, beldurrez eta harriturik, elkarri ziotsaten: «Nor ote dugu hau, haizeari eta urari ere agindu eta esana egiten baitiote?»

26. Gerasatarren lurraldera, Galileaz beste aldeko aintzira-bazterrera, iritsi ziren.

27. Jesus lehorrera jaitsi orduko, herriko gizon bat, deabruduna, atera zitzaion bidera; aspalditik jantzi gabe zebilen, eta ez zen etxean bizi, hilobietan baizik.

28. Jesus ikustean, oihuka hasi eta, aurrean ahuspezturik, deiadarka esan zuen:—Zer duzu nirekin, Jesus, Goi-goikoaren Seme horrek? Arren, ez nazazu oinazetu.

29. Izan ere, gizon harengandik irteteko agindua baitzion Jesusek espiritu gaiztoari. Zeren sarritan hartzen baitzuen deabruak bere menpe; eta, zaintzeko girgiluz eta katez lotzen bazuten ere, lokarriak hautsi egiten zituen, eta deabruak toki bakartietara bultzatzen zuen.

30. Orduan, Jesusek galdetu zion:—Nola duk izena?Hark erantzun:—Taldea.Deabru asko baitziren harengan sartuak.

31. Eta leize-zulora ez bidaltzeko erregutu zioten Jesusi.

32. Bazebilen han txerri-talde on bat mendian uxarrean. Haietan sartzen uzteko erregutu zioten deabruek Jesusi. Honek baimena eman zien.

33. Deabruak gizonarengandik atera eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zen eta ito.

34. Gertatua ikustean, txerrizainek ihes egin eta herrian eta auzoetan berria zabaldu zuten.

35. Orduan, zer gertatu ote zen ikustera irten zen jendea. Jesusen ondora iristean, han aurkitu zuten Jesusen oinetan eseria deabruak atera zitzaizkion gizona, jantzirik eta bere onean, eta biziki izutu ziren.

36. Gertatua ikusi zutenek deabruduna nola sendatua izan zen kontatu zioten jendeari.

37. Orduan, Gerasa inguru hartako jende guztiak beren artetik alde egiteko eskatu zion Jesusi, beldurrak jota baitzeuden. Jesus ontziratu eta itzuli egin zen.

38. Deabruak atera zitzaizkion gizonak berarekin ibiltzen uzteko eskatu zion; baina Jesusek bidali egin zuen, esanez:

39. «Itzul zaitez etxera, eta konta ezazu Jainkoak egin dizun guztia».Eta han joan zen, Jesusek egin ziona herri guztian zabalduz.

40. Jesus itzuli zenean, jendeak ongietorria egin zion, denak haren zain baitzeuden.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 8