Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 8:1-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berri ona hots eginez. Berekin zituen Hamabiak,

2. baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak zituen zenbait emakume ere: Magdalako Maria —honengandik zazpi deabru bota zituen—,

3. Joana —Herodesen etxezain Kusaren emaztea—, Susana eta beste asko. Guztiok beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.

4. Herri guztietatik etorritako jendetza handia bildu zitzaion batean, parabola hau esan zien Jesusek:

5. «Atera zen behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen; zapaldu egin zuten eta txoriek jan.

6. Beste zenbait harri gainean erori zen, eta ernetzean ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako.

7. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten.

8. Besteak lur gozoan erori ziren; erne eta bateko ehun eman zuten fruitu».Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Ulertzeko gauza denak uler beza».

9. Orduan, parabola horrek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi.

10. Honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; gainerakoei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, ikusten dute, bai, baina ohartzen ez; entzuten dute, bai, baina ulertzen ez.

11. «Hona hemen, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren mezua da.

12. Bide-bazterreko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta beren bihotzetik mezua kendu egiten die, sinetsi eta salba ez daitezen.

13. Harri gaineko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua entzutean, pozik onartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian huts egiten.

14. Sasi arteko hazia bezalakoak, berriz, hauek: mezua entzuten dutenak, baina bizitzako ardura, diru eta atsegin artean itota gelditzen dira eta fruitu ematera iristen ez.

15. Lur oneko hazia bezalakoak, hauek dira: mezua bihotz on eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitu ematen dutenak.

16. «Inork ez du kriseilua piztu eta ontzipean gordetzen edo ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten.

17. Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik.

18. Kontu izan, bada, nola entzuten duzuen; izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».

19. Joan zitzaizkion Jesusi bere ama eta anai-arrebak, baina jendearen jendez ezin iritsi ziren berarenganaino.

20. Eta jakinarazi zioten:—Ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zu ikusi nahian.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 8