Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 7:37-46 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.

38. Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.

39. Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».

40. Jesusek esan zion:—Simon, badut zerbait zuri esateko.Hark erantzun:—Esadazu, Maisu.

41. —Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar.

42. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?

43. Simonek erantzun zion:—Gehien barkatu zionak, nik uste.Jesusek esan zion:—Zuzen diozu.

44. Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:—Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.

45. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka.

46. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 7