Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 7:31-42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

31. «Norekin konparatuko dut, bada, gizaldi honetako jendea? Noren antzeko dira?

32. Plazan eseriak dauden mutikoen antzeko dira, honela ari baitzaizkio elkarri: “Jo dizuegu txistua eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek negarrik ez”.

33. «Etorri baita Joan Bataiatzailea, ez jan eta ez edan egiten ez duela, eta burutik egina dagoela diozue.

34. Etorri da Gizonaren Semea, jaten eta edaten duela, eta esaten duzue: “A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien laguna!”

35. Baina Jainkoaren jakinduria zuzena dela aitortzen dute bera onartzen duten guztiek».

36. Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.

37. Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.

38. Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.

39. Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».

40. Jesusek esan zion:—Simon, badut zerbait zuri esateko.Hark erantzun:—Esadazu, Maisu.

41. —Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar.

42. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 7