Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jaiegunari buruz

1. Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleek, galburuak hartu eta eskuan aleturik, jan egiten zituzten.

2. Fariseu batzuek esan zieten:—Nola ari zarete egiten, larunbatez zilegi ez dena?

3. Jesusek erantzun zien:—Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta bere lagunak goseak aurkitu zirenean?

4. Jainkoaren etxean sartu, Jaunari eskainiriko ogiak hartu eta jan egin zituen, eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik.

5. Eta, gainera, esan zien:—Larunbataren nagusi da Gizonaren Semea.

Elbarria larunbatez sendatua

6. Beste larunbat batez, sinagogan sartu zen Jesus irakastera. Bazen han eskuineko besoa elbarri zeukan gizon bat.

7. Lege-maisu eta fariseuak zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatu izateko.

8. Jesusek, haien gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan zion:—Jaiki eta atera zaitez erdira.Hura jaiki eta atera egin zen.

9. Jesusek esan zien, orduan:—Galdera bat: Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

10. Eta, inguruko guztiei begira, honela esan zion gizonari:—Luzatu beso hori.Luzatu zuen, eta sendatu egin zitzaion.

11. Lege-maisu eta fariseuak beren onetik aterata gelditu ziren, eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.

Lautadako hitzaldia: Jainkoaren erregetzari buruz (6,12-49)

Jesusek hamabi apostoluak izendatu

12. Egun haietako batean, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua.

13. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien:

14. Simon —honi Pedro izena eman zion—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome,

15. Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote zeritzana—,

16. Judas Santiagorena eta Judas Iskariote —Jesusen saltzaile gertatu zena—.

Jesusi jende-taldea bildu

17. Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; baita herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria,

18. hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren.

19. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion.

Zoriontasunak eta madarikazioak

20. Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:«Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

21. «Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

22. «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean.

23. Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek.

24. «Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza!

25. «Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete!«Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!

26. «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!

Etsaienganako maitasuna

27. «Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei,

28. bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde.

29. «Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere.

30. Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi.

31. Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

32. «Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak.

33. Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste.

34. Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan.

35. Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera esker txarreko eta gaiztoentzat.

36. Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala.

«Ez gaitzetsi inor»

37. «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue;

38. eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».

39. Eta parabola bat ere esan zien: «Itsua itsuaren gidari izan ote liteke? Ez ote dira biak zulora eroriko?

40. Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ongi eskolaturiko ikaslea irakaslea adina izango da.

41. «Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?

42. Nola esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

Zuhaitza eta fruitua

43. «Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik.

44. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen.

45. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten baitu.

Benetako ikasleak

46. «Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna”, eta ez duzue egiten esaten dizuedana?

47. Erakutsiko dizuet noren antzeko den niregana hurbildu eta nire esanak entzun eta betetzen dituena:

48. etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak harkaitzean hartu zituen gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo egina baitzen.

49. Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, oinarririk gabe, egin zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen, eta dena porrokatua gelditu».