Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 5:4-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion:—Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako.

5. Simonek erantzun zion:—Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.

6. Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden.

7. Beste ontziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi ontziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten.

8. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez:—Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!

9. Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Simon eta beronekin zirenak,

10. baita haren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni:—Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.

11. Ontziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

12. Behin, Jesus herri batean zela, legenaz jositako gizon bat azaldu zen; Jesus ikustean, ahuspez lurrera erori eta erregutu zion:—Jauna, nahi baduzu, garbi nazakezu.

13. Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:—Nahi dut, izan zaitez garbi.Berehala alde egin zion legenak.

14. Jesusek inori ez adierazteko agindu zion eta esan:—Zoaz, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.

15. Gero eta gehiago hitz egiten zen Jesusi buruz, eta jende-talde handiak biltzen ziren hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan.

16. Jesus, ordea, toki bakartietara joan ohi zen otoitz egitera.

17. Egun batez, Jesus irakasten ari zen, eta han zeuden eserita fariseu eta lege-maisu batzuk, Galileako auzo guztietatik, Judeatik eta Jerusalemdik etorriak. Jaunaren indarra berekin zuen eta sendatzera eragiten zion.

18. Hartan, gizon batzuk azaldu ziren elbarri bat ohatilan ekarriz, eta barrura sartu nahi zuten, Jesusen aurrean ipintzeko.

19. Jendetzagatik ez baitzuten nondik sartu aurkitzen, teilatura igo eta, teilak kendurik, ohatila eta guzti jaitsi zuten erdi-erdira, Jesusen aurrera.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 5