3. Igo zen bietako batera, Simonenera, eta ontzia lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion; gero, eseri eta jendeari irakasten ziharduen ontzitik.
4. Hitzaldia amaitu zuenean, Simoni esan zion:—Jo itsas zabalera eta bota sareak arrantzurako.
5. Simonek erantzun zion:—Maisu, gau guztian eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; baina, zuk diozunez gero, botako dut sarea.
6. Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zutenez, sareak puskatzeko zorian zeuden.
7. Beste ontziko lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; hurbildu ziren eta bi ontziak ia-ia hondoratzeraino bete zituzten.
8. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetara erori zen Simon Pedro, esanez:—Alde niregandik, Jauna, bekataria naiz eta!
9. Izan ere, zur eta lur zeuden eginiko arrantzuagatik Simon eta beronekin zirenak,
10. baita haren arrantzu-lagun Santiago eta Joan Zebedeoren semeak ere. Baina Jesusek esan zion Simoni:—Ez beldurtu, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara.
11. Ontziak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.
12. Behin, Jesus herri batean zela, legenaz jositako gizon bat azaldu zen; Jesus ikustean, ahuspez lurrera erori eta erregutu zion:—Jauna, nahi baduzu, garbi nazakezu.
13. Orduan, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:—Nahi dut, izan zaitez garbi.Berehala alde egin zion legenak.
14. Jesusek inori ez adierazteko agindu zion eta esan:—Zoaz, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.
15. Gero eta gehiago hitz egiten zen Jesusi buruz, eta jende-talde handiak biltzen ziren hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan.