33. «Burezur» zeritzan tokira iritsirik, bertan gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean.
34. Jesusek honela zioen: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».Soldaduek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez.
35. Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada».
36. Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan:
37. «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua».
38. Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
39. Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:—Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
40. Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:—Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere?
41. Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
42. Gero, gaineratu zuen:—Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
43. Jesusek erantzun zion:—Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.
44. Eguerdi aldea zen, eta ilundu egin zuen lurbira guztian hirurak arte.
45. Eguzkia ezkutatu egin zen, eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen.