Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 2:10-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. eta aingeruak esan zien: «Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere:

11. Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian.

12. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana».

13. Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz:

14. «Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!»

15. Aingeruek zerura alde egin zutenean, artzainek ziotsaten elkarri: «Goazen Belenera, Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera».

16. Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Jose eta jaioberria askan etzana.

17. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten.

18. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren.

19. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz.

20. Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.

21. Jaio eta zortzi egunera haurra erdaindu zutenean, Jesus izena ezarri zioten, sortu aurretik aingeruak esan bezala.

22. Moisesen legean agindutako garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaienean, gurasoek Jesus Jerusalemera eraman zuten Jaunari aurkezteko.

23. Izan ere, honela agintzen du Jaunaren legeak: Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko zaizkio.

24. Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini zuten: bi usapal edo bi usakume.

25. Bazen Jerusalemen Simeon izeneko bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen

26. eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunak bidalitako Mesias ikusi gabe.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 2