Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 11:33-53 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

33. «Inork ez du kriseilua pizten eta ezkutuan edo ontzipean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, sartzen direnek argia ikus dezaten.

34. Begia duzu gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik duzunean, zure gorputz osoa ere argitan dabil. Begia gaixo duzunean, ordea, zure gorputz osoa ere ilunpetan dabil.

35. Begira, bada, zure barruan argi behar lukeena ez dadin ilun gerta.

36. Beraz, goitik beheraino argitan bazaude, inongo ilunperik gabe, kriseiluak bere distiraz argitzen zaituenean bezala zara argitsu».

37. Jesusek hitzaldia amaitu zuenean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu zuen. Jesus sartu eta mahaian jarri zen.

38. Fariseua harriturik gelditu zen bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik ez zuela egin ikustean.

39. Orduan, Jaunak esan zion: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, zeuek barrutik lapurretaz eta txarkeriaz beteak zaudeten bitartean!

40. Burugabeok halakook! Ez ote du kanpokoa egin zuenak berak egin barrukoa ere?

41. Hobe zenukete daukazuena limosnatzat emango bazenute! Horrela, gauza guztiak garbi izango lirateke zuentzat.

42. «Ai zuek, fariseuok! Barazki kaskarrenen hamarrenak ordaintzen dituzue, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, berriz, alde batera uzten. Hauek bete behar zenituzkete, haiek utzi gabe.

43. Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan lehenengo aulkiak eta plazetan jendearen agurrak maite dituzue.

44. Ai zuek! Ikusten ez diren hilobiak bezala zarete, jendea oharkabean haien gainetik baitabil».

45. Orduan, lege-maisu batek esan zion:—Maisu, horrela hitz eginez, guri ere irain egiten diguzu.

46. Jesusek erantzun zion:—Ai zuek ere, lege-maisuok! Eramanezineko zamak leporatzen dizkiezue besteei, eta zeuek atzamar batez ere ukitu ez.

47. «Ai zuek, zeuen gurasoek hildako profetei hilarriak jasotzen dizkiezuenok.

48. Horrela, gurasoek egindakoarekin ados zaudetela aitortzen duzue; zeren haiek hil egin zituzten profetak, eta zuek hilarriak jasotzen dizkiezue.

49. Zerbaitengatik esan zuen Jainkoak bere jakindurian: “Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet eta batzuk hil eta besteak erasoka erabiliko dituzte”.

50. Baina Jainkoak munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko dizkio gizaldi honi:

51. hasi Abelen odoletik, eta aldaretik santutegia bitartean hil zen Zakariasen odoleraino. Bai, egia esan, gizaldi honi eskatuko dizkio kontuak Jainkoak.

52. «Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok. Zeuek ez zarete sartu eta sartu nahi zutenei ez diezue utzi».

53. Handik atera zenean, gupidarik gabe eraso zioten lege-maisuek eta fariseuek, handik eta hemendik galdezka,

Irakurri kapitulu osoa Lukas 11