Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 11:23-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. «Nire alde ez dagoena nire kontra dago, eta nirekin biltzen ez duena sakabanatzen ari da.

24. «Espiritu gaiztoa, norbaitengandik irten ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina, aurkitzen ez duelarik, bere buruari esaten dio: “Noan berriro, atera nintzeneko neure etxera”.

25. Iristean, etxea garbitua eta apaindua aurkitzen du.

26. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen; horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».

27. Jesusek gauza hauek esaten ziharduela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zion:—Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!

28. Baina Jesusek esan zuen:—Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!

29. Jende asko biltzen ari zitzaiola, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da; mirarizko seinale eske ari da, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena baizik.

30. Zeren, Jonas ninivetarrentzat seinale gertatu zen bezala, hala gertatuko baita Gizonaren Semea ere gizaldi honentzat.

31. Hegoaldeko erreginak auzi-egunean gizaldi honetako jendearen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiagoa den bat.

32. Ninivetarrek ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta baduzue hemen Jonas baino handiagoa den bat.

33. «Inork ez du kriseilua pizten eta ezkutuan edo ontzipean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, sartzen direnek argia ikus dezaten.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 11