Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 1:8-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

8. Behin batean, Zakarias apaiz-zerbitzua egiten ari zen tenpluan Jainkoaren aurrean, bere apaiz-sailaren txanda baitzen.

9. Apaizen ohituren arabera, berari egokitu zitzaion Jaunaren santutegira sartzea intsentsua eskaintzeko.

10. Herri guztia kanpoan zegoen otoitzean, intsentsua eskaintzen zen bitartean.

11. Hartan, Jaunaren aingeru bat azaldu zitzaion Zakariasi, intsentsu-aldarearen eskuinean zutik.

12. Hura ikustean, ikaratu egin zen Zakarias eta beldurrak hartu zuen.

13. Baina aingeruak esan zion:—Ez beldurtu, Zakarias, entzun du Jainkoak zure eskaria. Zeure emazte Elisabetek semea emango dizu eta Joan ipiniko diozu izena.

14. Pozez beteko zara, eta beste jende asko ere poztuko da haren jaiotzaz,

15. handia izango baita benetan Jaunaren aurrean. Ez du ardorik, ez pattarrik edango, eta amaren sabeletik bertatik Espiritu Santuaz beteko du Jainkoak.

16. Israeldar asko bihurtuko ditu beren Jainko Jaunarengana.

17. Eliasen espiritu eta ahalmenaz jantzirik, Jaunaren aurretik etorriko da, gurasoak eta seme-alabak elkarrekin baketzeko eta errebeldeak zintzoen senera bihurtzeko; horrela prestatuko du herria Jauna onartzeko.

18. Zakariasek esan zion aingeruari:—Nola jakin dezaket horrela gertatuko dena? Ni zaharra naiz, eta emaztea ere urteetan aurreratua.

19. Aingeruak erantzun zion:—Ni Gabriel naiz eta Jainkoaren zerbitzura nago; berak bidali nau zuri hitz egitera eta berri hau ematera.

20. Hara, mutu geldituko zara eta ezin izango duzu hitz egin hau guztia gertatu arte, bere garaian beteko diren nire hitzak sinetsi ez dituzulako.

21. Bien bitartean, herria Zakariasen zain zegoen, santutegian horrenbeste luzatzen zuelako harriturik.

22. Irten zenean, ezin zien hitz egin, eta jabetu ziren ikuskariren bat izan zuela santutegian; keinuka egiten zien, mutu gelditua baitzen.

23. Tenpluko bere zerbitzu-egunak amaitu zituenean, etxera itzuli zen.

24. Handik laster, Elisabet emaztea haurdun gelditu zen, eta bost hilabetez etxetik atera gabe egon zen. Hau zioen:

Irakurri kapitulu osoa Lukas 1