Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 1:28-41 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

28. Aingeruak, Mariarenean sarturik, esan zion:—Agur, Jainkoaren gogoko hori! Jauna zurekin.

29. Hitz hauek entzutean, ikaratu egin zen Maria eta agur horrek zer esan nahi ote zuen galdetzen zion bere buruari.

30. Aingeruak esan zion:—Ez beldurtu, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.

31. Hara, haurdun gertatuko zara, semea izango duzu eta Jesus ipiniko diozu izena.

32. Handia izango da, Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta bere aita Daviden tronua emango dio Jainko Jaunak.

33. Israel herriko errege izango da betiko, eta beraren erregetzak ez du azkenik izango.

34. Mariak esan zion aingeruari:—Baina nola gerta daiteke hori, ez bainaiz gizon batekin bizi?

35. Aingeruak erantzun zion:—Espiritu Santua etorriko da zuregana eta Goi-goikoaren indarrak hodeiak bezala estaliko zaitu; horregatik, zuregandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote.

36. Begira, Elisabet zure lehengusina ere haurdun gertatu da bere zaharrean eta sei hilabeteko dago agorra omen zena;

37. Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik.

38. Orduan, esan zuen Mariak:—Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala.Eta aingeruak utzi egin zuen.

39. Handik egun batzuetara, Maria etxetik atera eta Judeako mendialdeko hiri batera joan zen arin-arin,

40. eta, Zakariasen etxean sarturik, Elisabeti agur egin zion.

41. Mariaren agurra entzun bezain laster, Elisabeti punpaka hasi zitzaion haurra sabelean. Une berean, Espiritu Santuaz beterik gelditu zen Elisabet,

Irakurri kapitulu osoa Lukas 1