Itun Zaharra

Itun Berria

Kolosarrei 2:12-20 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Bataioaren bidez Kristorekin lurperatuak izan zarete eta piztu ere, berarekin piztu zarete, bera hildakoen artetik piztu zuen Jainko ahaltsuagan sinetsi duzuelako.

13. Garai batean, hilda zeundeten zeuen bekatuengatik eta zeuen bekatuzko izaeragatik; baina Jainkoak biziarazi egin zaituzte Kristorekin batera, bekatu guztiak barkaturik.

14. Gu gaitzesten gintuen epai-agiria suntsitu egin du eta gurutzean josiz deuseztatu.

15. Munduko aginte eta botereak indargabetu egin ditu eta denen aurrean lotsagarri agerrarazi, Kristoren bitartez haien gain garaipena lortu ondoren.

16. Ez zaitzatela, beraz, inork gaitzets jan-edanak edo jaiegun, ilberri nahiz larunbatak direla eta.

17. Hori guztia etortzeko ziren gauzen itzala besterik ez da; errealitatea Kristo da.

18. Ez zaitzatela gaitzets apal-itxuran agertu eta aingeruen kultua atsegin duten horiek; ikuskarietan murgiltzen dira eta beren giza burutapen ergelez harropuzturik dabiltza.

19. Halakoak ez daude buru den Kristorekin loturik, eta Kristo da, hain zuzen, buru bezala, lokailu eta junturen bitartez gorputz osoa elkarlotzen duena eta, Jainkoak nahi bezala, hazarazten duena.

20. Kristorekin hil bazarete eta munduan agintzen duten indarretatik askatu, zergatik makurtzen zarete oraindik arauetara, mundukoak bazinete bezala?

Irakurri kapitulu osoa Kolosarrei 2