Itun Zaharra

Itun Berria

Judas 1:9-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

9. Mikel goiaingeruak berak ere ez zuen horrelakorik egin: Moisesen gorpua nork eramango deabruarekin tirabiran zebilela, ez zen ausartu hari ezer iraingarririk esaten; «Jaunak zigor zaitzala» besterik ez zion esan.

10. Horiek, berriz, ezagutzen ez dutena ere iraindu egiten dute, eta arrazoi gabeko senez, animaliek bezala, ezagutzen dutena galbide gertatzen zaie.

11. Errukarriak horiek benetan! Kainen bidetik jo dute, diru-gosez Balaamen okerbidean sartu dira eta, Kore bezala, beren errebeldiagatik galdu.

12. Hori lotsa! Zuen elkarte-otorduetan jan-edanean jarduten dute lasai, beren buruak gizentzen. Haizeak daramatzan euri gabeko laino dira; udazkenean fruiturik ematen ez duten arbola, bi aldiz hilak, sustraitik atereak;

13. itsasoko olatu haserreak dira, beren lotsarien aparra botatzen dutenak; izar iheskorrak, betikotasun guztirako ilunpe beltzak zain dauzkatenak.

14. Horiei buruz iragarri zuen Henokek ere, Adamengandik hasi eta zazpigarren patriarkak, profezia hau: «Hara, Jauna bere milaka eta milaka santurekin dator

15. mundu guztia epaitzera eta gaizkile guztiak kondenatzera, egin dituzten gaiztakeria guztiengatik eta bekatari sinesgabeok Jainkoaren kontra esan dituzten irain guztiengatik».

16. Gaizki-esale dira, beti kexu, beren grinen arabera dabiltzanak; harrokeria besterik ez dute ahoan, eta beren probetxurako lausengatzen dute jendea.

17. Zuek, ene maiteok, gogoratu Jesu Kristo gure Jaunaren apostoluek aurrez iragarria:

18. «Azken garaietan gizon isekariak izango dira, beren grina zitalen arabera ibiliko direnak».

19. Zatiketak sortzen dituztenak dira horiek, giza mailan bakarrik bizi den jendea, Espirituak gidatu gabea.

20. Baina zuek, ene maiteok, jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen. Egin otoitz Espiritu Santuaren eraginez;

21. zaudete tinko Jainkoaren maitasunean, betiko bizitza emango dizuen Jesu Kristo gure Jaunaren errukiaren zain.

Irakurri kapitulu osoa Judas 1