Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 6:37-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Aitak niri ematen dizkidan guztiak niregana hurbilduko dira eta niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako,

38. ez bainaiz zerutik jaitsi neure nahia egitera, bidali nauenaren nahia egitera baizik.

39. Eta hauxe da bidali nauenaren nahia: berak eman dizkidan guztietatik, ez dezadala bat ere gal, baizik eta piztu ditzadala azken egunean.

40. Hauxe da nire Aitak nahi duena: Semea ikus eta harengan sinets dezanak betiko bizia izan dezala; eta neuk piztuko dut azken egunean.

41. Orduan, marmarka hasi ziren entzuleak, «Neu naiz zerutik jaitsiriko ogia» esan zuelako,

42. eta zioten:—Ez da, bada, hau Jesus, Joseren semea? Ez ditugu, bada, ezagunak honen aita-amak? Nola dio, orain, zerutik jaitsia dela?

43. Jesusek ihardetsi zien:—Ez ari marmarka zeuen artean.

44. Ezin da inor niregana hurbildu, bidali nauen Aitak erakartzen ez badu; eta neuk piztuko dut azken egunean.

45. Honela esaten da profeten liburuan: Jainkoaren ikasle izango dira denak. Aitari entzun eta hark irakatsia bereganatzen duena niregana hurbiltzen da.

Irakurri kapitulu osoa Joan 6