Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 6:22-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Biharamunean, aintziraz beste aldean zegoen jendea konturatu zen han txalupa bat bakarra izan zela eta Jesus ez zela ontziratu ikasleekin, baizik eta hauek bakarrik joan zirela.

23. Bitartean, beste zenbait txalupa iritsi zen Tiberiadesetik, Jaunak esker oneko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura.

24. Han ez zeudela ez Jesus, ez ikasleak konturatzean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila.

25. Aintziraz beste aldean aurkitu eta esan zioten:—Maisu, noiz etorri zara hona?

26. Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ikusi dituzuen mirarizko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik.

27. Ahalegin zaitezte, ez galtzen den janariagatik, baizik eta irauten eta betiko bizia ematen duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari egin duenak.

28. Orduan, galdetu zioten:—Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duena egiteko?

29. Jesusek erantzun zien:—Hauxe da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenarengan zuek sinestea.

30. Galdetu zioten, orduan:—Zer seinale ematen diguzu, bada, guk ikusi eta zuri sinesteko? Zer egiten duzu?

31. Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Santuak dioen bezala: Zeruko ogia eman zien jaten.

32. Jesusek erantzun zien:—Bene-benetan diotsuet: Ez zizuen Moisesek eman zeruko ogia, baizik eta nire Aitak ematen dizue zeruko egiazko ogia.

Irakurri kapitulu osoa Joan 6