Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 5:5-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

5. Bazen han gizon bat, hogeita hemezortzi urtez gaixo zegoena.

6. Jesusek, han etzanda ikusi eta gisa hartan denbora luzea zeramala jakinik, esan zion:—Nahi duzu sendatu?

7. Gaixoak erantzun zion:—Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara botako nauenik; ni iritsi orduko besteren batek aurrea hartzen dit.

8. Jesusek esan zion:—Jaiki, hartu ohatila eta ibili.

9. Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi zen.Egun hura larunbata zen, atseden-eguna.

10. Judu-agintariek, orduan, esan zioten sendatuari:—Larunbata da; ez duzu zilegi ohatila garraiatzea.

11. Hark erantzun zien:—Sendatu nauenak berak esan dit: «Hartu ohatila eta ibili».

12. Haiek galdetu zioten:—Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizun hori?

13. Baina sendatuak ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen inguruan zegoen jendetza artean.

14. Geroxeago, Jesusek tenpluan topo egin zuen harekin eta esan zion:—Begira, sendaturik zaude; ez egin berriro bekaturik, okerragorik gerta ez dakizun.

15. Joan zen gizona, eta agintariei adierazi zien Jesus zela sendatu zuena.

16. Honengatik, hain zuzen, larunbatez halako gauzak egiten zituelako, agintariak Jesus pertsegitzen hasi ziren.

17. Jesusek, orduan, hau azaldu zien: «Nire Aita etengabe ari da lanean, eta ni ere bai».

18. Esandako honengatik, agintariak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian, larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere aita zuela esaten baitzuen, horrela bere burua Jainkoaren pareko eginez.

19. Jesusek esan zien gainera: «Bene-benetan diotsuet: Semeak ez dezake deus ere bere kabuz egin; ez du egiten Aita egiten ikusten duena besterik: Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere.

20. Izan ere, Aitak Semea maite du, eta berak egiten duen guztia erakusten dio, eta gauza handiagoak erakutsiko dizkio oraindik, harritu egingo zaituztetenak.

21. Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die berak nahi duenei.

22. «Aitak ez du inor ere epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du,

23. guztiek, bera ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen.

24. Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartu eta bidali nauenarengan sinesten duenak betiko bizia du. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoeneko heriotzatik bizitzara.

25. «Bene-benetan diotsuet: Badator ordua —hobeto esan, iritsia da—, hilek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena; eta entzungo dutenak bizi egingo dira.

Irakurri kapitulu osoa Joan 5