Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 5:21-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die berak nahi duenei.

22. «Aitak ez du inor ere epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du,

23. guztiek, bera ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen.

24. Bene-benetan diotsuet: Nire mezua onartu eta bidali nauenarengan sinesten duenak betiko bizia du. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoeneko heriotzatik bizitzara.

25. «Bene-benetan diotsuet: Badator ordua —hobeto esan, iritsia da—, hilek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena; eta entzungo dutenak bizi egingo dira.

26. Aitak bizia bere baitan daukan bezala, Semeari ere bizia bere baitan edukitzea eman dio.

27. Gainera, epaitzeko aginpidea eman dio, Gizonaren Semea delako.

28. Ez harritu esaten dizuedanaz, bai baitator ordua hildako guztiek haren ahotsa entzungo dutena,

29. eta hilobietatik aterako direna: on egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaitz egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko.

30. «Nik neurez ez dezaket deus ere egin: Aitak agintzen didan legez epaitzen dut; eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea, bidali nauenarena baizik.

31. «Nik neure buruaren aldeko testigantza egingo banu, nire testigantza ez litzateke baliozkoa izango.

32. Beste batek du nire alde testigatzen, eta jakin badakit haren testigantza baliozkoa dena.

33. Zuek gizatalde bat bidali zenioten Joani, eta hark egiaren alde egin zuen testigantza.

Irakurri kapitulu osoa Joan 5