Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 4:4-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Bere ibilbidean Samarian zehar iragan beharra zuen.

5. Iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.

6. Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.

7-8. Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:—Emadazu edaten.

9. Orduan, emakume samariarrak esan zion:—Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).

10. Jesusek erantzun zion:—Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.

11. Emakumeak esan zion:—Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori?

12. Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?

13. Jesusek ihardetsi zion:—Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da;

14. nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.

15. Orduan, emakumeak:—Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.

16. Jesusek esan zion:—Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.

17. Emakumeak erantzun:—Ez dut senarrik.Eta Jesusek:—Ongi diozu ez duzula senarrik;

18. bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.

19. Emakumeak esan zion:—Jauna, profeta zarela ikusten dut.

20. Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.

21. Jesusek esan zion:—Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena.

Irakurri kapitulu osoa Joan 4