Itun Zaharra

Itun Berria

Joan 4:20-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.

21. Jesusek esan zion:—Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena.

22. Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.

23. Baina badator ordua —hobeto esan, heldu da—, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak.

24. Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.

25. Emakumeak esan zion:—Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.

26. Jesusek esan zion:—Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.

27. Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.

28. Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari:

29. «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»

30. Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.

31. Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:—Maisu, jan zerbait.

32. Baina berak esan zien:—Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.

33. Ikasleek galdetu zioten elkarri:—Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?

34. Jesusek esan zien:—Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.

35. Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.

Irakurri kapitulu osoa Joan 4